XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maisuak hitzetan okertzen baziren, tak, han zegoen Iñaki, tximino bat bezala, ateraldi batez maisua barregarri uzteko.

Bere tirria galdezka hasi eta maisuak erantzun gabe uztea zen.

Horretarako ba zuen dohain berezia.

Batzuk, beldurrarren, ez zioten inoiz galdera egiteko baimenik ematen.

Hori okerrago zen, ordea.

Baimena ukatu ondoren, Iñakik ezker eskubitara bere lagunei irrikaitzez begiratzen zien, gerrako garaile batek bezala: Hau nire beldur duk.

Emakumeekin, ostera, Iñaki mutil serio, goxo, maitagarri zen.

Hauxe harrigarriena! Emakume irakasleek nahiko lan izaten zuten eskola denboran diziplina jartzen, hazitxoen artean, batik bat.

Iñakik bere ahalegin guztiak egiten zituen, emakumeen larderia sendotzeko.

Deportista ona eta aiurri kementsukoa zelako, begirune haundia zioten lagunek.

Seigarren urtean izan arren, futbolaririk onena zen ikastetxe osoan.

Futbolean etorkizuna egina zuela aho batez zioten denek.

Eta borrokan hasten zenean! Beldurgarria! Animalia ematen zuen.

Berdin zitzaion bizpahiru kontrarioekin hastea ere.

Muturrak hausteraino, ero bat bezala, odola zeriola, ez zuen etsiko lagunek heldu eta elkarrengandik bereizi arte.

Haundia zen, bada, ikaskideek zioten itzala.

Berak eskutarte hori maistren onerako erabiltzen zuen eskoletan.

Iñakiren aurrean maistrekin txantxetan iharduterik ez zegoela ongi ikasita zeukaten guztiek.

Emakumeek, berriz, biziki maite zuten.

Garbiñe Sorozabalek, batez ere, Naturaleza Zientziaren irakasleak.